14. Lana eta Gizarte Segurantza
1. Arloa kopurutan
Aurten arlo honetan 22 kexa jaso dira guztira. Kexa horiek azpieremutan sailkatu ahal dira:
– Administrazioaren funtzionamendua eta administrazio prozedura.....16
– Enplegua sustatzeko neurriak.....3
– Laneko administrazioa.....2
– Beste alderdi batzuk.....1
Ondoko taulan 2012ko ekitaldian kudeatutako kexen estatistikak ageri dira, ekitaldia itxi denean (abendua) eduki diren datuen arabera.
2. Kexarik aipagarrienak
2.1 Administrazioaren funtzionamendua eta prozedura administratiboa
Jaso ditugun kexa asko zerbitzuen funtzionamenduari lotuta daude, enplegu-eskarien kudeaketa sistemaren edo enplegu eta lanbide prestakuntza sustatu eta babesteko jardueraren alorrean.
Prestakuntzari dagokionez, ikastaroen edukiaren eta hautapen irizpideen arteko egokitzapenari lotutako alderdiez gain, aurreko deialdietan ikastaroak antolatzeaz arduratzen ziren erakundeei dagoeneko emandako zenbatekoen ordainketetan jazotako atzerapenaren ziozko arazoa mahaigaineratu da, baita ikastaro horiek emateko laguntza berriak onartzerakoan jazotako atzerapenagatik ere. Hala, erakundeei kalteak eragin zaizkie, haien funtzionamendua neurri handi batean laguntzen ordainketak baldintzatzen baitu. Horrez gain, deialdi berrian jazotako atzerapenak ikastaro berriak emateari eragin dio.
Zor diren zenbatekoen ordainketari dagokionez, adierazi ziguten kontabilitatea Lanbidera egokitzeko premiagatik izan dela eta, orain organismo autonomo bihurtuta, kontabilitate publikoaren printzipioei lotzen zaiola. Arrazoi horri organismo autonomorako eraldaketa horren ondoriozko garapen informatikoari buruzko zailtasunak batu zaizkio.
Kultura Ekintzailea eta Enpresa Sortzeko Aukera babesten duen abenduaren 23ko 328/2003 Dekretuko laguntzen eremuan, zehazki langabezian dauden pertsonek enpresa egitura berriak sor ditzaten, kexa bat izapidetzearen zioz ondorioztatu genuen diruz lagundutako jarduera gelditzeko aukera kontuan hartu zela, behar ez bezala, dagoeneko ordaindutako laguntza baten itzulketa eskatzeko arrazoi gisa.
Gure balorazioaren ondotik –Lanbidek egindakoarekin bat ez datorrena– erabakia berrikusteko eskatu zen, hain zuzen, 328/2003 Dekretuan jasota ez dagoen baldintza bat –jardueran epe zehaztugabean egotea– ez betetzea oinarri izateagatik. Onartu gabeko gomendioa 2012ko martxoaren 6ko Arartekoaren ebazpenean jasotzen da. Horren bidez Lanbideri gomendatzen zaio enpresak sortzeko aukerari diru-laguntza bat itzultzeko betebeharra aitor dezan.
Enplegu-eskarien kudeaketari dagokionez, kexa batzuek agerian jarri zuten hautagaitzak nola aukeratzen diren –gero enpresetara bidaltzeko– gaiari buruzko zalantza jakinak argitzeko emandako informazioa eskasa zela.
Gure informazio-eskaerari emandako erantzunak aukera eman zigun hautagaitzak kudeatzeko prozeduraren berri izateko (prozedura hori eskarien kudeaketa eskuliburuan jasota dago). Hain zalantza zehatzen inguruko galderak segur aski ez dira ohikoak eta, horregatik, ez dago halakoak planteatzen dituztenei informazio hain zehatza emateko xedatutako biderik. Nolanahi ere, Lanbideri adierazi genion kexaren bidea izan zela eta ez, ordea, Lanbideren ohikoak aukera eman zuena informazio zehatz hori eskuratzeko.
Enplegu-eskariak izapidetzeko idatz-zati horren barruan, joan den urtean, Lanbideri adierazi genion bizilekuari lotutako baldintza erraz bete daitekeenez, “a priori” baztertzaile moduan ez aplikatzeko, ordura arte egiten ari zen moduan. Argudio horiek aintzat hartuta, erakunde horrek bizilekuari lotutako baldintzaren aplikazioari buruzko jarraibide bat eman du, baldintza hori beharrezkotzat jotzeko egoerak batu eta argitzeko: oro har, bizilekua enplegu-eskarietako hautagaitzen baldintza baztertzaile gisa aintzat ez hartzen saiatuko da; salbuespen bakarra eremu jakin bateko eskatzaileen bereizkeria positiboaren programa publikoei dagozkien eskaintzak.
Enplegu-eskarian alta emanda izateak ondorioak ditu prestazioak eskuratzerakoan eta batzuetan, gainera, estatuko eskumenak dira. Datuek, hortaz, egoera agerian jarri behar dute, pertsona bati lotutako datuak eremu batean eta bestean desberdin islatu gabe. Ohar hori egin dugu atzerritar batek egindako kexaren harira, izan ere, Lanbidek eskatzaile gisa baja eman zion bizileku baimena iraungi zitzaiolako.
Lanbideren sistema informatikoak antzematen du baimen bat iraungi denean, hura berritzeko izapidea hasi ahal izan dela eta prozedura horrek dirauen bitartean aurreko egoitza baimena luzatuta geratzen dela kontutan hartu gabe. Alegia, gaur egun egoitza baimen jarraitua duen pertsona bati, ordea, baja eman diezaiokete baimenaren luzapena saihesten duelako.
Arazoa bideratu bazen ere eta interesdunak zegokion baldintzetan izen-ematea lortu bazuen ere, egokia iruditu zitzaigun Lanbidera jotzea gure balorazioaren berri emateko, hau da, gertatutakoak balio behar izan zuela informazio sistemak egokitzeko, kontuan hartuta, hala izan ezean, eragindakoak jarduerarik bideratu izan ez balu, administrazio baten eta bestearen (Lanbide eta Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoa) informazioaren arteko koordinazio faltaren ziozko akatsaren ondorioak pairatuko zituela.
Enplegu-eskari bati emandako bajaren ondotik bideratutako beste kexa batean eskari horri berritzeko denboraren zenbaketari buruzko arazo bat mahaigaineratu ziguten.
Bazirudien arazoak igarotako denboraren kalkuluari lotutako datuen tratamenduarekin zerikusia zuela. Kexarekin aurkeztutako datuen azterketak agerian jarri zuen unean-unean haren txartela 2008ko abuztuaren 18an alta eman zuenetik berritu zuela baina Lanbidek baja eman ziola 2012ko urriaren 17an, azaroan beharrean.
2.2. Laneko osasuna
Laneko osasunaren esparruan, ASVIAMIE eta OSALANekin amiantoak eragin dien pertsonen arazoaren inguruan izandako bilera gailentzen dugu.
Aipatu elkarteari gai horri lotutako hainbat jarduerei buruzko OSALANen txostenaren edukia helarazi ondoren, hainbat zehaztasun egin zizkigun eta horietatik honako hauek gailentzen ditugu, Laneko Segurtasun eta Osasun Estrategian jasotako batzuk: Jarduerei buruzko informazio zehatzagoa, adibidez, amianto zuntzen eraginpean dauden langileei buruzko txostenak egitea, jardunaldi informatiboak prestatzea, gaixotasun profesionalen ikerketarako barne prozedura, eraginpean egon daitezkeenen erregistroa, Enplegua-Eragina matrizea aztertzea, lehen mailako arretarako jarduerak optimizatzea, etab.
Gure ustez, ohar horiek ondoen jorratzeko modua elkarte horren eta OSALANen artean bilera bat egitea zen eta, hala, aurrerago (IV. atala) jasotzen den moduan gauzatu genuen.
Laneko osasunaren atal horretan ezin dugu alde batera utzi laneko ezbehar-kopurua. Bertan, estatistikek, zifra hobeak eman baditzakete ere, istripuak oraindik ere jazo jazotzen direla gogora ekartzen digute. Gasteizko Gizarte Langintzako Eskolan antolatutako ikastaro batean arazo horren inguruan hausnartzeko aukera izan genuen –Laneko Segurtasun eta Osasun estrategiak horixe jorratu nahi du–.
Ekonomiak gizarte eskubideen gainean eragina duela jakina denez, adi egon behar dugu egungo egoerak atzera egiteaz gain, langileen osasunean aurrerapausoak eman ditzan, langile horien baldintzak hobetuz. Horregatik, administrazioak diseinatutako estrategiak aurreikusitako aldian zabaltze eraginkorra lortuko duelakoan gaude.
3. Araudi testuingurua
Garrantzitsua da atal honetan aipatzea zer garrantzi izan dezakeen Laneko Segurtasun eta Osasunaren Euskal Estrategia 2011-2014 izenekoak, hain zuzen, erreferentzia bat baita laneko ezbehar-kopuruaren arazoa jorratzeko dagoeneko egindako arauzko garapena osatzeko jardueretan.
4. Bestelako jarduerak. Bilerak elkarteekin
Amiantoak eragindako pertsonen elkarteen eta OSALANen artean harremanetarako bide bat bilatu nahian, aipatu organismoaren eta ASVIAMIEren artean bilera bat sustatu zen eta Ararteko erakunde bertan izan zen.
Jorratutako gai nagusiak hauek izan ziren: Administrazioek –osasun, laneko osasun arlokoak, GSIN– hainbat plan eta arautan jasotako xedeak betetzeko dauden zailtasunak; ezgaitasunen espedienteen izapidea, osasun sistemak OSALANi egindako jakinarazpena, zaintza postokupazionala eta haren irismena eta Konpentsazio Funts baten garrantzia, azken kontu hori Legebiltzarreko lantaldearena.
Arartekoak konpromisoa hartu zuen enpleguaren harremana amaituta duten eta, egoera horren ondotik, GSIN institutuak laneko gaixotasunagatiko ezgaitasuna onartzeko eskaerak izapide ditzan zailtasunak dituzten pertsonen banakako kasuak aztertzeko. Horrez gain, talde horri eragiten dion kontuetan laguntza emateko prest dagoela esan zion OSALANek elkarteari.
5. Herritarren eskubideen egoeraren balorazioa
Jakina denez, bata eta bestea eskumen esparru desberdinak dira eta hori gehitutako arazo bat izan daiteke erabaki okerrak diren horiek bideratzerakoan.
Horregatik, funtsezkoa da zerbitzuen funtzionamendua hobetzeko arazo teknikoak konpontzea. Informazio sistemek benetako egoerak islatu behar dituzte, pertsona baten datu berberek esparru batean eta bestean desberdin jaso beharrean.